RealSocialismo!ren jarrera Realeko hauteskundeen aurrean

Abenduaren 13an deitutako Realeko hauteskundeak direla eta, RealSocialismo!-k berretsi nahi du kudeaketa bikaina eta jarraitzailearengandik hurbil dagoen klub baten aldeko konpromisoa.

Horregatik Reala zuzentzeko asmoa agertu duen edo agertuko duen orori eskatzen diogu 2018-2022 agintaldirako duen proiektua eta berau aurrera eramateko modua aurkeztu ditzala. Abenduan hasiko den agintaldiari begira, egitasmoak garaiz aurkezteak, proiektuak aztertu eta erabakitzeko aukera emango baitie akziodunei. Are gehiago, akziodun, bazkide eta zaletuen parte hartzeari esker eman daitekeen eztabaida publikoak proiektuak aberastu ditzake.

Zentzu honetan eta hauteskundeak egin ondoren, RealSocialismo!k uste du:

1- Realak euren zuzendaritza esparruak eta ardurak publikoki zehaztuta duten kontseilariz osatutako administrazio kontseilua behar duela.

2- Realak euren helburuak publikoki zehaztu eta urtean behin, akziodunen batzarrean edo beste bilera batzuetan, akziodunen eta zaleen aurrean argibideak emango dituen kontseilariz osatutako administrazio kontseilua behar duela.

3- Realak akziodunen, bazkideen eta zaleen parte hartzea zuzenean eragiten dien gaietan prozesuak kudeatu eta sustatuko dituen administrazio kontseilua behar duela. Hain zuzen ere, Anoetako eraberritzea premiazkoa da. Oztopo judizialak gainditu eta obrak hasi ondoren, kluba errealitate gordinaren aurrean baitago: Anoetako 42.000 aulkiak astero betetzea erronka izugarria bezain kezkagarria da egungo joera aintzat hartuz.

Elkartea eratu genuenean esan bezala, RealSocialismo!k ez du hautagaitzarik aurkeztuko. Sortze-estatutuek jasotzen duten moduan (22.d artikulua) bateraezinak dira RealSocialismo!ko zuzendaritza eta “Real Sociedad de Fútbol, SADeko organigrama ofizialaren parte izatea”.

Azkenik, RealSocialismo!-k hauteskundeetan parte hartzeko deia luzatu nahi die akziodunei, baita beren esanetara jarri ere, emaitzak direnak direla, prozesu honetan kluba indartsuago atera dadin. Bide horretan, kudeaketa bikaina eta jarraitzailearengandik hurbil dagoen Reala helburu denean, RealSocialismo! laguntzeko prest agertuko da.

Donostian, 2017ko azaroaren 7an.

2Pingbacks & Trackbacks on RealSocialismo!ren jarrera Realeko hauteskundeen aurrean

  1. […] lehen asteetan esparru bakoitzak urterako dituen helburuak argitaratu ditzala espero du, joan den azaroaren 7an eskatu […]

  2. […] eta helburuak argi markatuz lortzen hasten da. Azaro hasieran Reala zuzendu nahi zuen orori zera eskatu genion: bere proiektua zein den eta nola bete nahi duen azaltzea. Kursaalera iritsi gara proiektu bakar […]

Deja tu comentario