RealSocialismo!k Realaren eta Zeniten arteko partidako gertaerak salatzen ditu

Realeko zaletu eta akziodunen elkarteak, RealSocialismo!k:

1- Bart Anoeta Estadioan Reala eta Zeniten arteko partida hasi aurretik gertatutako istilu larriak salatu nahi ditu, besteak beste, bizilagunak eta zaleak arriskuan jarri zituztenak. Ekintzetan dagoen erantzukizun judizialaz haratago, liskarretan Realeko bazkiderik parte hartu ote zuen aztertzea eskatzen dio RealSocialismo!k klubari; eta horrela balitz, pertsona hauek klubetik kanporatzea.

2- Zeniten kamisetak eta bufandak soinean zituzten pertsonek partidako 79. minutuan egindako suzirien eta beste motatako materialen jaurtiketa salatzen du. Pertsona hauek dira euren ekintzen erantzule nagusiak; eta hauekin batera, horrelako pertsonak babesten dituzten klubak.

3- Europa Leagueko arduraduna den heinean, hausnarketa sakona eskatzen dio UEFAri. Hausnarketa honi heltzeko bi puntu garrantzitsu daude: alde batetik, segurtasun baldintzak okerrenak direnean ere aurkariari eserlekuen %5a uztearen neurria birplanteatu beharko litzateke; beste aldetik, estadioetako elkarbizitza kinka larrian jartzen duten gertaeren aurrean, UEFAk zaleei eta klubei berehalako zigor sozialak eta kirol zigorrak aplikatzea planteatu beharko luke. Are gehiago, mota honetako gertakariak errepikatzen direnean, azaroaren 2an Trondheimen (Norvegia) eta bart Donostian ikusi den bezala.

4- Ulertzen ditu horrelako segurtasun operatibo batek dituen zailtasunak, baina Estadio barruan Ertzaintza eta Reala erantzule dituen planaren gabeziak agerian gelditu ziren piroteknia-materialaren jaurtiketarekin. Dozenaka realzalek momentu arriskutsuak bizi izan zituzten segurtasunaren aldetik Hego Fondoko erdi eta goiko eraztunetan. Gertaerek, gainera, harmaila bereko beste sektoreetan eserita zeuden zaleen leku-aldatzea eragin zuten.

5- Azkenik, RealSocialismo! prest dago horrelako gertaerak ekiditeko behar diren foro eta neurrietan parte hartzeko.

Donostian, 2017ko abenduaren 8a.

Deja tu comentario