RealSocialismo!k akziodunen batzarrean parte hartzeko deia egiten du

RealSocialismo!ko presidentea, Oier Marigil, aurreko akziodunen batzar orokorrean.

Realeko zaleen eta akziodunen lantaldeak, RealSocialismo!, datorren asteazkeneko batzar orokorrean parte hartzeko deia zabaltzen die bai akziodunei, baita akziorik ez duten baina akzio batzuen ordezkapena lor dezaketen zaleei. “Askotan aipatu da Reala kirol elkarte anonimo atomizatua dela teorian, baina akziodunoi atomizazio hori erakustea falta zaigu”, azaldu du RealSocialismo!ko presidenteak, Oier Marigilek. Horretarako bi bide daudela gogoratu behar da: hilak 13an arratsaldeko 19.00etan Donostiako Kursaalera bertaratzea ala akzioak beste norbaitengan uztea.

“Iaz parte hartzeak 0,5 puntu egin zuen gora eta %36ra iritsi zen, baina azken batzar orokorretan ez dugu %40aren langa gainditu”, gogoratu du Marigilek. “Aukera ere badu presentzialki batzarrera ez gerturatzeko, baina bere hautua hori bada, apalki erantzunkizunez joka dezala eta akzioak norbaiten esku utz ditzala eskatzen diogu”, eskatu du RealSocialismo!ko presidenteak Realeko administrazio kontseilua hautatzeko ere balioko duen hitzorduaren aurrean. Bere ustez, “zaleen inplikazioa gero eta handiagoa bada, klub hobeago bat eraikitzen ariko gara”.

“Oso garrantzitsuak, garrantzitsuenak, iruditzen zaizkigu, Realak 1-4-4-2koarekin ala 1-4-3-3koarekin jokatu behar duen, nesken taldeko ibilbidea edo Eusebio Sacristánen inguruko eztabaidak, baina asteazken honetan beste eztabaida batzuk ditugu. Klubeko kudeaketaren inguruko eztabadarik gabe, ez dago ez joku sistemaren edo jokalarien inguruko eztabaidarik“, adierazi du Marigilek.

Horregatik, RealSocialismo!ko zuzendaritza osatzen dute kideak prest agertu dira bertaratu ezin baina parte hartu nahi duten akziodunen akzioak jasotzeko. Horretarako, akziodun batzuk egin duten moduan,  harremanak@realsocialismo.org helbidera lehen bait lehen idaztea gomendatzen dugu. Kasu honetan, ordezkariren baten eskuetan uzteak ez du esan nahi akziodun horrek haren iritziarekin bat egiten duenik, bozkaren zentzua markatuta utzi baitezake delegatzean. Iaz bezala, RealSocialismo!k akziodunek markatutako bozka errespetatuko dute.

Bestalde, RealSocialismo!ko web orrian eskugararri daude batzar orokorrari begira prestatutako hiru fitxak: Realaren egoera ekonomikoa, bazkideen eta bertaratzearen egoera, eta Anoeta berriko lanak aztergai dituztenak, alegia.

– Realaren egoera ekonomikoa (PDF).
– Bazkideak eta bertaratze datuak (PDF).
– Anoeta Estadioaren egoera (PDF).

Deja tu comentario