Realeko Akziodunen Batzarrean Realsocialismo!ren hitzaldia

Atzo, abenduak 10, Real Sociedad SADk bere Akziodunen Batzar Nagusia ospatu zuen. Bertan, azken urteotan ohitura izan denbezala, RealSocialismo! lantaldetik Klubaren egungo egoera baloratu (jada aurrez egindako fitxetan landua), arduratzen gaituzten hainbat kontu mahaigainean jarri eta Realaren etorkizunak ekarriko duenari hausnartu nahi izan genuen. Jarraian duzu hitzaldia bere osotasunean:

Joan den urteko batzarrean jakinminez azaldu ginen klubaren aldetik abonudun eta akziodunen parte hartze antolatuaren aldeko irekiera zirudienarekin:

  • Kudeaketa txostenaren liburuxkan klubaren misio definizioa aurkezten zen eta “pertsonen babesa, energia eta ideiak jasoko dituen estrategia bat, zalegoa estrategia horretan barneratuz” aipatzen zen.
  • ‘Zuri entzuten’ egitasmoa martxan jarri berria zen, partida egunetako mugikortasunaren lehen gaiarekin.
  • Apustu etxeen publizitatea onartzearen egokitasunari buruzko abonudun eta akziodunei galdeketa ezagutzera eman berria zen.

Aurreko hiru arloetan, 2019an ez dugu berririk izan irekiera norantza horri dagokionean:

  • Aurreikusita badaude, zeintzuk dira hurrengo pausuak pertsonen babesa, energia eta ideiak jasoko dituen estrategia horretan?
  • ‘Zuri entzuten’ egitasmoa ospatu zen partida egunetako mugikortasunari dagokionean, baina 2019an ez da jardunaldi edo gai berririk mahai gainean jarri, eta 2020ra begira berreskuratzea garrantzitsua litzatekeela uste dugu.
  • Apustu etxeen inguruko galdeketak emaitza sendoa izan zuen baina, alor honetan Goodball.com babesleak sortzen dizkigun zalantzaz gain (apustu etxea inola ez izanda ere, bezeroen zati batek profil hori izan dezake eta webean eskainitako informazioaren artean apustu etxeen kuotak ageri dira), estadioaren izenaren erabilpena bezalako nortasun gaiak galdeketa gai izan litezkeela uste dugu. Zentzu honetan, Kontseiluari abonudun eta akziodunen galdeketa erregelamendu bat osatzea proposatzen diogu. Galdetu beharreko gaien artean, gutxienez, nortasunaren ingurukoak (Klubaren ikur eta sinbologia, ereserkia, instalazio nagusien izena…) egon daitezen eskatuko genuke.

Badira azken hilabeteotan protagonista izan diren proiekzio sozialeko beste alderdi batzuk, hala nola hockey eta futboleko emakumezkoen taldeen kirol emaitzak. Ildo horretan urrats aitzindariak ematen jarraitzera animatzen dugu Kontseilua; izan ere, emakumezkoen kirolaren proiekzioak duen justizia-kontua izateaz gain, Realak mugak gainditu eta klubarekiko interesa, mirespena eta zaletasuna sortuko dien pertsonak erakartzeko eta kluba ildo horretan punta-puntakoa dela erakusteko aukera ere badela ulertzen dugu.

Azkenik, kirol lehiakortasunaren ildo bati eustea eta Anoetan eta Zubietan egingo diren inbertsioei uko ez egitea finantzarioki kontu zorrotza izango da:

  • Anoetako erreformaren amortizazioak eta lan berrietan egindako inbertsioak gastu gisa aplikatzeagatik.
  • Gure eliteko taldeen lehiakortasun-mailari eusteko, harrobiko edo kanpoko talentu gazte asko edukita, urteetan aurrera egin ahala besteak beste soldata-hobekuntzak beharrezko izango direla ziurra da.

Erregulartasun handiz Europako lehiaketetarako sailkatu ezean (eta une honetan Europa Leaguen parte hartzeak ez du gastuak koadratzeko adina diru sortzen), gure ustez Klubak erronka bikoitzari aurre egin beharko dio:

  • Klubaren eskuetan dauden iturrien sarrerak hanidtu (Abonuak eta txarteldegia, komertzialak, partida egunekoak).
  • Kostu arrunten zati bat aldakortu, diru-sarreren paraleloan joan daitezen.

Gainontzean, badakigu beste aukera ondarea gutxitzen joatea dela jokalariei dagokionean, eta hori da hain zuzen azken urteotan maiz gertatu dena hainbat arrazoirengatik. Hori saihesteko, uste dugu gakoa klubarekiko zaletasunak gero eta lotura handiagoa izatea dela, eta ziur gaude lehen aipatutako ekimenak bildu eta indartzea lagungarri izan daitekeela horretan.

Kontseiluaren erantzuna

Erantzun moduan, Kontseiluak Goodball.com babesle gisa sartzea defendatu zuen, eta Reala osatzen duten pertsonen portaerak zehazteko prozesu batean parte hartuko duten 250 zalez osatutako aholku-talde bat sortzea aurreratu zen, jokabide horiek klubak ordezkatu nahi dituen balioekin bat etor daitezen.


Gure egunerokoaz gehiago jakin nahi baduzu, harremanak@realsocialismo.org helbidera idatz diezagukezu eta bertan zure galderak ideiak edo proposamenak bidali. Klubaren egunerokoan parte-hartzea eta eragina sustatu nahi dugu eta, gero eta gehiago izan bide honetan, hobe. Animatuko? Eta RealSocialismo! lantaldeko kide izan nahi baduzu hemen duzu bazkide egiteko edo gure ekintzetan parte hartzeko informazioa

Deja tu comentario

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.