-
Zale eta akziodunok parte hartzeko aukera aprobetxatu behar dugu
-
Premier League da gure ispilua, horrelako formulek nola funtzionatzen duten ikusi eta eman dituzten fruituak aztertzeko
RealSocialismo!k, Realeko zale eta akziodunen elkarteak, Realaren inguruko lan-mahaia txalotu du. Modu positiboan hartzen dugu parte-hartze prozesu honen hasiera. Izan ere, zaleek klubeko arlo sozialaz, instituzionalaz eta ekonomikoaz hausnartu eta klubari ideia horiek modu estrukturatuan bidaltzeko aukera irekitzen da.
Klubari 2017an planteatu genion lan mahaia publiko egin ostean, zaletuaren inplikazioa RealSocialismo!ren helburu nagusietako bat dela gogoratu nahi dugu, are gehiago orain, Anoeta Berriak dakartzan erronkak kontuan hartuta: Iradokizun, zalantza eta kritika eraikitzaileen bitartez, Anoeta Realaren etxe bihurtzen lagundu nahi duen zale ororentzat zabalik egon behar duen erronka bat da.
Zenbat eta gehiago inplikatu jarraitzaileak zaleengan eragina duten erabakietan, orduan eta hobea izango da Realaren etxe hori. Elkarte gisa eskarmentua dugu alor honetan: 2015eko lehen seihilekoan inkesta bat antolatu genuen, zaleen partida-esperientzia aztertzeko, eta 553 erantzun jaso genituen. Galdetegia bete ostean, ehun parte-hartzailek iruzkinen bat utzi zuten.
Horrela, eta Premier Leagueko hainbat taldetan dauden hamaika lantalde kontuan hartuta, espero dugu Realak martxan jarritako lan-mahai honek jarraipena edukitzea. Ingalaterran, urrutiago joan gabe, horrelako elkarlan formulak zaletuaren ordezkariekin eta trustekin ohikoak dira. Bertan, zaleen kezka eta ardurak jorratzen dira, eta bilera bakoitzaren ostean, topaketako akta argitaratzen da ondorio nagusiekin.
Azkenik, deia egiten diegu bereziki RealSocialismo!ko kideei ekimen honetan parte har dezaten. Gure elkartea martxan jartzeko izan genuen arrazoi nagusien artean akziodun orori eskatzen zaion klubaren kontrol eta ikuskaritza modu ordenatuan eramatearena zegoen. Horregatik, RealSocialismo!tik, zale eta akziodun gehiagok parte hartu dezaten lan egingo dugu. Gauzak horrela, Realak Anoetara iritsi eta sartzeko ematen diren mugikortasun gaien inguruan azaroaren 29an deitu duen lehen bilera baino lehen, RealSocialismo!ko kide guztiak elkarteak martxan jarriko duen barne prozesuan parte hartzeko deitu nahi ditugu, elkarte moduan gero ondorio horiek lan-mahaira eramateko.