Emakumeen futbolak urratsak eman baditu ere, asko dago egiteko

Ainara Arratibel, Ixiar Bakero, Ane Etxezarreta eta Maddalen Marzol

Asteazken iluntzean, otsailaren 20an, hainbat lagun elkartu ginen Donostiako El Rincón jatetxean Maddalen Marzol realsocialistak gidatutako mahai-ingurua entzutera. Gonbidatuak Ixiar Bakero (Añorgako futbolari ohia), Ane Etxezarreta (Realeko lehen plantilako egungo jokalaria) eta Ainara Arratibel (Berriako kirol kazetaria).

Hastapenak

Bakerok kontatu zuen bera Goizuetan jaio, baina Añorgan hazi egin zela. Auzoan mutilak eta neskak denak elkarrekin ibiltzen zirela futbolean. Gero, sortutako emakumezkoen lehen futbol taldean hasi zela. 14 urterekin jokatu zuen Atotxan Kopa. Galdu egin zuten, baina izugarria izan zela, oso polita.

Bere garaian Danimarka eta Suedia zirela aurreratuenak. Italiara joateko eskaintzarik izan zuela, baina ez zela joan. Espainiako selekzioarekin puntako talde horien kontra jokatzen zutenean, aldea nabarmena zela.

Hiru aldiz irabazi zuen Kopa eta beste hainbat aldiz Liga. Euskal eta Espainiako selekzioetako kapitaina ere bazen futbola utzi zuenean.

Futbola eta ikasketak (edo lana) nola uztartu

Marzolek Natalia Pablos-en arazoa mahaigaineratu zuen. Rayo Vallecanoko ikurrak futbola utzi nahi izan zuenean, klubak ez zion baimenik eman eta etete-klausula ordainarazi nahi zion. Azkenean, zaleek egindako presioa zela eta, jokalariak ez zuen klausula pagatu behar izan.

Honekin lotuta, emakumezko futbolarien % 85ak 25 urte bete baino lehen uzten omen dute futbola. Adibide gisa, Ixiarrek esan zuen berak 24rekin utzi zuela.

Etxezarretak gradu-ikasketak amaituta ditu eta esan zuen neketsua izan zela biak uztartzea: Gasteizen ikasten zuen eta Oiartzunen, hasiera batean, eta Donostian gero, jokatzen baitzuen. Une honetan jarraitzen du ikasten, prestakuntza ez baitu alde batera utzi nahi.

Lan-baldintzak

Arratibelek une klabe batean gaudela gogorarazi zuen: kluben eta jokalarien ordezkariek negoziatzen ari dira eta laster etorri daiteke akordioa.

Berarentzat gai korapilatsuak daude eskubideen atalean. Bi aipatzearren: haurdunaldiak eta osasun azterketak. Kazetariak esan zuenaren arabera, ez baitira berdinak gizonezkoei eta emakumezkoei egiten zaizkien osasun azterketak. Neskei arinagoak egiten zaizkie eta hor eragin beharra dago.

Pasa dira urte batzuk Bakerok futbola utzi zuenetik (25 urte) eta poliki-poliki urratsak ematen ari dira, emaitzak lortzen pixkanaka. Ikuspegi baikorra du Bakerok.

Hori bai, soilik emakumezko klubak direnak arazoak izan ditzakete gizonezko lehen mailako klubekin lehiatzeko eta hauek onar ditzaketen baldintzak betetzeko.

Balore propioak

Gai hau ere atera zen Korner festibalean Vero Boquete, Aintzane Encinas eta Nahikari Garcíak eginiko solasaldian.

Etxezarreta ados zegoen balore diferenteak dituztela neskek eta mutilek futbolean. Galduko direnaren beldur agertu zen beasaindarra baino.

Arratibelek zioen komunikabideekin dagoen harremana erabat diferentea dela. Adibidez, igandeko kopa kanporaketaren ondoren, emakumezko guztiak pasa ziren prentsaren aurretik.

Hobetu beharreko zerbait da, kazetari honen arabera, Realeko lehen plantillako jokalariren bat egunero agertzen dela prentsaurrekoan eta, aldiz, emakumezkoen jokalari bakarra azaltzen dela astero.

Zaletuak interpelatu

Arratibelek zioen jokalariek igandero behar dutela babesa eta Zubietan 2.000 lagunentzako tokia dagoela. Normalean, 200 ikusle biltzen da bertan. Tokia badago, baita jokalariek gure beharra ukan ere.

Profesionalak dira, baina ez kobratzeko garaian.

Beren produktua lotsarik gabe saldu behar dute, Beraberako eskubaloi taldeko jokalariek egiten duten bezala.

Bakerok zioen finalak oso garrantzitsuak direla eta jokalariek eskatu eta animatu behar dutela jendea Granadara joateko.

5.000 lagun joan ginen Manchesterrera. Zergatik ez joan Granadara?

Etxezarretak zioen nabarmena dela azken bi aste hauetan zaleen ezagutza eta aitortza. Hau da, kalean eta gehiago ezagutzen dituztela.

Publikotik esan zen, azken bi aste hauetako ikusle kopuruei erreparatuz gero, emakumezko talde hau dela Gipuzkoan jende kopuru gehien mugitzen duen bigarren kirol taldea.

Zer eskatu Realari?

Arratibelek zioen baldintzak hobetu behar dituela eta jokalariek duten gertutasuna mantendu behar dutela, funtsezkoa baita.

Bakerok partida gehiago Anoetan jartzea eskatuko lioke klubari. Inbidia sentitzen ote zuen galdetu zioten eta berak ezetz, poza bakarrik.

Sare sozialetan baten batek eskatu zuen Ligari eskatu beharko litzaiokeela ez kointziditzea nesken eta mutilen partidak asteburu berean etxean. Horrela errazago litzateke neskek ere Anoetan jokatzea.

Athleticek denboraldi honetan goizez jarri ditu emakumezkoen entrenamenduak. Realak, aldiz, astean behin entrenatzen du goizez. Ez da gauza bera goizez entrenatzea edo arratsaldez (harrobiko taldeekin batera eta baldintza kaskarragoekin). Hor ere eragin beharra dago.

Marketinaren aldetik ere asko dago egiteko: posterrak, elastikoak salgai jartzea, ikusgarritasun gehiago….

Harrobiari begira, metodologia bera izan beharko lukete emakumezko zein gizonezkoen taldeak. Lurraldeko gainerako klubekin dauden harremanak ondo lotzea ahantzi gabe.

Eta entrenatzaile onak, baina emakumezkoek entrenatzaile pedagogikoak behar dituztela esan zen mahaian. Hau da, neskek gauzak egiterako orduan, jakin nahi dutela zergatia.

Garrantzitsua ere bada jokalari garrantzitsuak izandakoak harrobiaren egituran sartzea (Aintzane Encinas, adibidez, bigarren taldeko talde teknikoan ari da).

Deja tu comentario

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.