“Reala enpresa bat da, baina ez soilik enpresa bat”

RealSocialismo!ko presidenteak, Oier Marigil, hitza hartu du elkartearen izenean gaur arratsaldean Donostiako Kursaalean ospatu den Realeko akziodunen batzar orokorrean:

Arratsalde on:

Hasi baino lehen, gure poza adierazi nahi dugu emaitzetan behintzat nesken lehen taldeak bere norabidea zuzendu duelako. Era berean, gure kezka agertu nahi dugu gizonezkoen lehen taldeak daraman azken emaitzen boladarekin. Espero dugu larunbat honetan bertan joera hori aldatzea.

Kirol arloko bi aipamen hauek egiten ditugu, ideia orokor hauetaz haratago, gure elkartea ez baita sartzen kirol arloan. Gure bazkideek hamaika iritzi dituzte, eta kirolean ia dena da eztabaidagarria. Elkarbanatzen duguna, hori bai, eta gure estatutuetan horrela jasotzen da, kudeaketan bikaina den eta zalearengandik gertu dagoen Reala lortzea da. Eta bide honetan, esango genuke: Reala ez da enpresa normal bat. Eta elkarte moduan, are gehiago esaten dugu: Reala enpresa bat da, baina ez soilik enpresa bat.

Gure historiako aurrekonturik altuena, zelai berriaren kudeaketa eta kluba mugitzen den merkatuak Reala enpresa erabakietan oso zorrotz ibiltzera behartzen dute. Pausu bat, bi eta hiru aurrera ematera. Baina Realean, ezinbestekoa izanik, honekin ez da nahikoa. Administrazio kontseilu berriari zalearengandik hurbilago egotea eskatuko diogu.

Hau gardentasun gehiagorekin eta helburuak argi markatuz lortzen hasten da. Azaro hasieran Reala zuzendu nahi zuen orori zera eskatu genion: bere proiektua zein den eta nola bete nahi duen azaltzea. Kursaalera iritsi gara proiektu bakar bat ere ezagutu gabe. Ezer aztertzeko denborarik gabe. Azaroan ere eskatu genuen zuzendaritza berriak kontseilari bakoitzaren ardurak eta urteroko helburuak publikoki zehaztu ditzala.

Hau ez da horrela izan aurreko denboraldietan. Honenbestez, gaur aukeratutako zuzendaritza berriari hau egiten hasi dadila eskatzen diogu, eta zorterik onena opa diogu hurrengo bost urteetarako. Era berean, gaurko aukera hau baliatu nahi dugu euren kargua uzten duten kontseilariei eskerrak emateko Realari eskaini diotenagatik, momentuan momentuko adostasun eta desadostasunen gainetik.

Kudeaketan bikaina den eta zalearengandik hurbil dagoen Realaz hitz egiten ari gara. Gertutasun hau Realzale Leiala moduko asmoetaz haratago joan beharko litzateke. Ekimen honen atzean dagoen borondatea aitortzen dugu, baina bertaratzea berez ez da saritzen. Plan gehiago eta ekintza gehiago beharko dira, publiko oso zehatzei zuzenduta, lehenik eta behin Realaren masa soziala zabaltzeko. Eta bigarrenik, igandero jende guzti hori Anoetara joan dadila lortzeko.

Zelaira joateak bizipen gogoangarria izan behar du. Alemaniako estadio askotan lortu dute. Ingalaterran ere bai. Are gehiago: telebista eskubideengatik dirutza izugarriarekin zer egin pentsatzen hasi dira, eta zaleei itzultzen ere bai, urteroko abonuen prezioa mantenduz edo jaitsiz. Azken finean, zaleak diru hori estadioan gastatuko du beste esperientzietan. Gipuzkoara bagatoz, Anoeta igandero 40.000 zalez betetzea agian telebistak gaur egun duen pisua edukiko ez duen etorkizuna prestatzeko modurik onena da.

Hau da Anoetan dugun erronka erraldoia. Espero dugu kluben patronalak azken urteetan ekin dion bideari jarraitzea eta partiden ordutegiak zentzudunagoak izatea, baina hamaika kontu daude zalean etxean dagoela sentiarazi dezaketenak eta Realaren esku daudenak. Honetan egin behar da lan. Guztiok egin behar dugu lan. Batez ere, zuzendaritza eta klubeko langileak, baina baita zaleak ere.

Amaitzera noa. Espanyol Montjuicetik Cornellára joan zenean 28.000 bazkide izatetik 35.000ra pasa zen. Gaur, 27.200 dira. Denboraldi honetan beste bi adibide ditugu. Bat: iaz, Atleticok 44.700 zale biltzen zituen, aurten, 63.200. Eta bi: Betisek, 31.400; aurten, 46.000. Gol asko sartu beharko ditugu geure atean Anoeta berriarekin 2010eko igoeratik dugun beheranzko joera ez iraultzeko. Hazi egingo gara.

Hazi behar dugu. Erronka erraldoia, mahai gainean dagoen aukera handia, zale horiek Anoetan geratzea izan behar du. Eta Realaren etxea izan behar duen horretan gelditzea. Eta zale hauek, Reala enpresa bat baino gehiago dela uste dutenak, geldituko dira beti ere guzti honen parte baldin badira, horretarako atea modu iraunkorrean ireki behar zaie. RealSocialismo! laguntzeko prest dago.

1Pingbacks & Trackbacks on “Reala enpresa bat da, baina ez soilik enpresa bat”

  1. […] honetan ospatu den Real Sociedadeko akziodunen batzarraren eta ostegun honetan administrazio kontseiluko presidentearen agerraldiaren ostean, Realeko […]

Deja tu comentario