Galdeketa

Behin epaitegietan eta bulegoetan berri txarrak jaso ondoren, eta udal hauteskunde kanpaina hastear dagoen honetan, Anoeta birmoldatzeko prozesua geldiune txiki batean dago. Prozesua realzaleei irekitzeko aukera ona dela uste dugu Realsocialismo!tik. Eskaera hiru puntutan oinarritzen dugu:

1. Lurraldearekiko eta norberarekiko errotzea: Zalegoak Errealzale moduan ekarpenak egingo ditu (klubarentzat erabiltzaile bezala duen esanahia dela eta), amaratarrak eta donostiarrak berreraikitzeak haiei eragiten dielako gehien eta gipuzkoarrak berriz, Erreala aspaldian lurraldearen ordezkaritza papera jaso duen heinean.

2. Gardentasuna: Partehartze prozesu batek behin betiko proposamenari zilegitasun handiagoa ekarriko lioke. Aurreko txostenetan zabaldu dugun moduan, badira adibideak zeinatan ezaugarri hauetako berreraikitzeei hiritarren ekarpenek arrakasta maila igotzea baliatu dietenak.

3. Alderatzea: Duela hamarkada bat baino gehiagotik ezagutzera eman diren proposamen bakoitzean, aukera bakarraren aurrean geundela aipatu izan da. Alabaina, alternatibak egon badaudela eta egongo direla nabarmena da. Hiritarren ekarpenek -iritzi nahiz proposamen mardulagoen moduan- aukerak aberastuko lituzkete.

Mahai gainean dauden alor guztiak bere gain hartuko dituen merkatu ikerketa bat aurrera eramateko baliabiderik ez dugunez, galdera garrantzitsuenekin galdeketa hau ireki nahiko genuke. Hurrengo ostiralean, maiatzaren 15ean, itxiko da eta Errealean interesa duen edonor berau osatzera gonbidatu nahiko genuke. Epea behin itxita, hurrengo asteetan emaitzak eta hurrengo pausuak ezagutzera emateko asmoa dugu.