Anoeta, 25 urte eta bi erronka

Anoeta berria (realsociedad.eus).

Inauguratu zenetik, Anoetak 25 urte beteko ditu abuztuaren 13an, eta estadioa 1993an izan behar zuen futbol zelai bihurtuko duten lanak martxan direla ospatuko dugu urteurren borobila. Europan antzeko instalakuntzek izan duten garapena eta Anoeta beraren erabilera ikusita, pisten aldeko apustua desegokia izan zen.

Errealitatea bestelakoa da gaur egun. Iraganak zalantzak uzten badizkigu ere, eta realzale gisa hainbat erabaki beste modu batera hartuko genituela esanda (adibidez, Anoeta birmoldatzeko ideia-lehiaketa batetik abiatzea Realaren etxe berria egiteko proiektu onena aukeratu ahal izateko), aurrera begiratzeko unea da. Mahai gainean dauden gaiek horrela jokatzera behartzen baikaituzte: bazkide kopurua nabarmen haztea eta Anoetara partida egunetan ahalik eta bazkide gehien hurbiltzea atzeratu ezin diren bi erronka dira.

Eskaintza hobetzeko beharrezkoa da Anoeta birmoldatzea, baina ez da nahikoa. Argi geratu da ‘La Ligako’beste hainbat zelaitan gertatu denari erreparatuz gero. Futbol txapelketa honetan Bartzelona eta Bilbo bezalako tradizio handiko hiriak, besteak beste, jakinaren gainean daude: zelaiak hobetu dituzte, baina bazkide-kopuruaren eta bertaratze-mailaren lehen igoeraren ostean, beherako joerak darrai. Espanyolek Cornellàn 35.000 bazkiderekin egin zuen debuta, gaur egun 28.000 bazkide ditu eta batez besteko bertaratzea 18.000 pertsonakoa da. Athleticek 44.000tik gora bazkide ditu, baina bertaratze-maila beherantz doa azken denboraldietan, 42.000tik 38.000ra. Celta ere zelaia berritzeko lanetan dabil, baina joera bera du, 18.000 zaletik 16.000 zalera partida bakoitzeko. Aurten euren zelaiak berritu dituzten Betis eta Atlético dira nabarmen igo diren bakarrak. Abonatu kopurua baino, azken bost urte hauetako Realaren kirol errendimenduaren arabera nahikoa egonkorra, Gipuzkoan bertaratze datuek dira behera nabarmen egin dutenak. Anoeta berriak izango dituen eserlekuak kontuan hartzen baditugu, beherakada hori kezkagarria da: pasa den denboraldiko batez besteko kopurutik eman beharreko jauzia handia da.

Euren gabeziekin, Realzale Leiala (establezimendu jakin batzuetan kontsumituz gero bazkide kuotan eragina duena, baina ez Anoetara joateagatik) eta Microsoft-en eskutik martxan jarritako lehiaketa bezalako programak (zalearen esperientzia, segurtasuna eta jasangarritasuna aintzat hartuz, Anoeta teknologikoki hobetzeko) bide onetik doaz. Halere, bietan zalea erabiltzaile hutsa da. Iradokizun, zalantza eta kritika eraikitzaileen bitartez, Anoeta Realaren etxe bihurtzen lagundu nahi duen zale ororentzat zabalik egon behar duen erronka bat da.

Akziodunen azken batzarrean esan genuen: Reala enpresa bada, baina ez da soilik enpresa bat. Zenbat eta gehiago inplikatu jarraitzaileak zaleengan eragina duten erabakietan, orduan eta hobea izango da Realaren etxe hori, lehiaketa teknologiko horrek izan dezakeen, eta espero dugun, arrakastaz haratago. Elkarte gisa eskarmentua dugu alor honetan: 2015eko lehen seihilekoan inkesta bat antolatu genuen, zaleen partida-esperientzia aztertzeko, eta 553 erantzun jaso genituen. Galdetegia bete ostean, ehun parte-hartzailek iruzkinen bat utzi zuten, eta bakarra ezabatu behar izan genuen harremanik ez zuelako galdetutako kontuekin. Beste erantzun guztiak zehatzak ziren, egingarriak batzuk, ez hain egingarriak beste batzuk, baina eraikitzaileak denak.

Birmoldatzeak Reala haztea ekarriko du. Urrutiegi joan gabe, ate atzeko harmailetan gauden zaleok paradisura hurbilduko gara, baina hasierako efektu hori noizbait amaituko da. Zer gertatuko da une horretan? Ordutegiak bezalako oztopoen gainetik, nahiko genuke Realak elkarlanean lortu ahal izatea Anoetara joatea gertaera paregabea bihurtzea. Realzaleak asko du jokoan.

Deja tu comentario

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.