Ander Izagirreren ‘Amona eta beste hamar’ aurkeztu da Donostian

RealSocialismo!ko presidentea, Oier Marigil, eta ‘Amona eta beste hamar’ liburuaren idazlea, Ander Izagirre, lanaren aurkezpenean Kaxilda liburu-dendan.

Ander Izagirre (Donostia, 1976) kazetariaren Mi abuela y diez más liburuaren euskarazko itzulpena, Amona eta beste hamar, aurkeztu da astearte arratsaldean Donostiako Kaxilda liburu-dendan Korner jaialdiaren baitan. Lana Julen Gabiria idazle eta itzultzaileak (Galdakao, 1973) itzuli du eta Libros del KO argitaletxeak argitaratu du.

“Duela hilabete batzuk gure zuzendaritza batzordean bota zen ideia: Mi abuela y diez más gutxienez euskaraz, ingelesez eta frantsesez egon behar zuen. Ate joka hasi ginen eta bai Ander, bai Julen eta bai Libros del KOrengan prestutasun osoa aurkitu genuen. RealSocialismo!k biziki eskertu nahi die gure burutaziotxoa honaino ekartzeagatik”, adierazi du RealSocialismo!ko presidenteak, Oier Marigilek.

“Anderrek idatzi zuen liburua oroitzapenak ezta zahartzarorako ere nahi ez zituen Alberto Ormaetxearen liburua da. Baita ez banantzeko eskatu zigun Martin Lasarteren liburua. Eta beste hainbaten liburua. Ángel Cappa eta María Cappa También nos roban el fútbol liburua aurkeztera etorri zirenean, ale bana oparitu genien”, azaldu du Marigilek. Aurkezpenean agerian utzi duenez, “Ángelek Madrilerako trenean irakurri zuen hurrengo egunean, eta hurrengoa ondorioztatu: Anderrek munduko hintxa ororena den liburua idatzi zuela. Edonor izan daitekeelako Ander, edonor izan daitekeelako amona Pepi”.

RealSocialismo!ren helburuen artean, Reala mundu zabalean ezagutzera ematea dago, zaleen sareak ehuntzera lagunduz. Itzulpena bultzatzeaz aparte, aipatu behar da Maite Taldearekin batera martxan jarritako Atotxa.org. Honen baitan, Harro5 ekimena dago: Realaz nor, non, nola, noiz eta zergatik gauden harro (oraingoz) 18 hizkuntzatan azalduz. Azkenekoa, Salzburgoren bisitaren ataraian, alemaniera.

Liburua hurrengo egunetan zure liburu-dendan eska dezakezu; eta bestela, Libros del KO argitaletxearen web orrian.

Liburuaren gaztelerazko bertsioa eskuratu nahi baduzu, hemen.

Aurkezpenaren kronika, Realaren web gunean.

Deja tu comentario