RealSocialismo!k zutikako harmailak berreskuratzea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari

Hannover 96 futbol taldeak dituen harmaila seguruak.

Realeko zaleen eta akziodunen lan taldeak, RealSocialismo!, Euskal Autonomi Erkidegoko estadioetan zutikako harmailak berreskuratzearen aldeko proposamenta luzatu dio Eusko Jaurlaritzari, egun hauetan Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Arautegia prestatzeko abian jarri den parte hartze prozesuan. Realeko lantaldeak defendatu duenaren arabera, egun aplikatzen den 10/2015 legea, abenduaren 23koa, Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jarduerena, ez da gaztelerazko bertsioan behar bezain argia zutikako harmailei dagokienez, eta zalantza hau modu mugatzailean interpretatu ordez, era irekian ulertzeko eskatu du.

Aipatutako bertsioan, hainbatetan “localidad” hitza erabiltzen da, eta nahiz eta honen esanahia batzuetan eserlekuarena izan, ez du zertan horretara mugatu. Honetaz baliatuz, eta duela 30 urte gertatutako prozesuaren kontrako norabideari ekinda, RealSocialismo!k zutikako harmailak irekitzeko aukera legea zehaztuko duen arautegian zabalik uztea planteatu du.

Gaur egun estadioak ez dira duela hamarkada batzuk ziren bezalakoak. Segurtasun aldetik izugarrizko aurrerapenak egon dira. Bestalde, alkoholaren faktorea asko jaitsi da duela 30 urterekin alderatzen badugu. Gaur egun, ez da alkoholik saltzen estadioetan eta, gainera, zalea egoera kaxkarrean estadioan sartzen saiatzen bada, sarrera galarazita izango du”, adierazi du RealSocialismo!ko presidenteak, Oier Marigilek, aurkeztutako testuaren ildoa jarraituz.

EAEk Europan ireki den eztabaida honi ausardiaz ekin beharko lioke. KPMG kontsultorak 2012an argitaratu zuenaren arabera, Frantziak, Irlandak, Suitzak, Danimarkak, Herbehereek, Norvegiak, Suediak, Bulgariak eta Bosnia-Herzegovinak etxeko txapelketetan zutikako harmail hauek onartzen dituzte dagoeneko. Orduz geroztik, Alemaniako Bundesligak ere bere eskaintzara gehitu ditu (Dortumndeko Borussiak, 25.000 zutikako leku ditu fondoetako batean; Monchengladbachekoak, 9.000), eta Hillsbrougheko istripua pairatu zuen Ingalaterrak (96 hildako, 1989an) eztabaida ireki du Premier Leagueko 20 kluben artean, Chelsea, Manchester United eta Liverpool hausnarketa honen buru direlarik”, azaldu du Oier Marigilek.

San Mamés Berria eraiki ostean, Ipuruako eraberritzea martxan, Anoetakoa hastear eta Mendizorrotzakoa mahai gainean, RealSocialismo!k uste du momentu aproposa dela Eusko Jaurlaritzak gai hau kontuan hartu eta 2015eko legea zehaztuko duen arautegira gehitzeko, horrela nahi duten futbol eta beste kiroletako klubei aukera irekia utziz.

Informazio gehiago

– RealSocialismo!k Eusko Jaurlaritzari bidalitako testua, hemen (gazteleraz).

10/2015 legea, abenduaren 23koa, Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jarduerena.

– Zutikako harmailen inguruko galderak (ingelesez).

1Pingbacks & Trackbacks on RealSocialismo!k zutikako harmailak berreskuratzea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari

  1. […] duela hiru aste Euskal Autonomi Erkidegoko estadioetan zutikako harmailak berreskuratzearen aldeko proposamena dute oinarri. Urtarrilaren 20ra arte Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Arautegia prestatzeko abian jarri zen parte […]

Deja tu comentario