RealSocialismo!k #UnCampoPerLampedusa kanpainarekin bat egin du

lampe2Realeko zaleen eta akziodunen lan taldeak, RealSocialismo!, #UnCampoPerLampedusa nazioarteko egitasmoarekin bat egin du. 100 euroko ekarpen sinbolikoarekin, eratu berri den elkarteak urtarrilaren 31an amaituko den crowdfunding kanpaina sustengatu du. Ekimena plan zabalago baten parte da, eta helburua Lampedusako irla txikian (6.000 biztanle, Lezo, Orio, Urnieta edo Usurbil bezala) futbol zelaia irekitzea da. Dagoeneko hainbat erakundek, batzuk irabazi asmorik gabekoak, italiakoak zein atzerritarrak, sustengatu dute egitasmoa. Tartean, Lega Calcio Serie B elkartea bera ere.

Italiako agintarien arabera, 2016an 54.000 pertsonatik gora (Irungo biztanlegoa baina zertxobait gutxiago) iritsi dira Afrika iparraldetik bai Lampedusa eta baita Calabriara ere. Egoeraz jabetuta, hainbat klubek eta futbol eragilek, Serie B tartean, bi milioi euro biltzea erabaki dute hainbat erakunderekin batera lurrezko zelaia futbol zelai batean bihurtzeko. Bi milioi horietatik, 100.000 euro ostirala baino lehen lortzeko asmoa dute Tifosyk bere web orrian abian jarritako crowdfunding kanpainari esker. Momentuz, 60.000 bat mila euro jaso dituzte.

RealSocialismo!k Realeko administrazio kontseiluari, Jokin Aperribay presidenteari bidalitako gutun baten bitartez, “Lampedusako zelaia martxan jarri dadin lagun dezala” eskatu dio, “bai crowdfunding kanpaina honen bitartez, ala Italiako klubekin edo erakundeekin izan ditzazkeen harremanak erabiliz”.

Gogoratu behar dugu Realak 2015 irailean bere “erabateko prestasuna” erakutsi zuela “errefuxiatuen harrera hobetzeko beharrezkotzat jotzen diren gai guztietan laguntzeko”, eta hauen artean, iazko apirilean jokatu zen Real Sociedad-Real Madrid partiduan ekimen hauetako bat ere martxan jarri zuela. Hala ere, eta ez dagozkigun arrazoiak medio, espainiar Estatuak sinatutako nazioarteko konpromezuaren arabera Gipuzkoara iritsi behar ziren errefuxiatuen kuota betetzetik urrun geratu denez, Realari laguntza hori Lampedusako zelaira bideratzea eskatzen diogu.

Deja tu comentario