RealSocialismo!k kanpoko partiduetako sarreren banaketa sistema aldatzea eskatzen du

Anoetako txarteldegiak (argazkia: realsociedad.com).

Realeko zaleen eta akziodunen lan taldeak, RealSocialismo!, gizonezkoen lehen taldeak Anoetatik kanpo jokatzen dituen partiduetarako sarreren banaketa sistema aldatzea eskatu du. Elkartearen ustez, erraztasuna eta gardentasuna beharko lirateke Realeko administrazio kontseiluak ireki beharko lukeen hausnarketa prozesuko oinarri nagusiak.

“Txarteldegi fisikoa irekitzen denean 200 bat sarrerekin jende askok ezin du bertaratu”, gogoratu du RealSocialismo!ko presidenteordeak, Jon Tribak. “XXI. mendeak eskaintzen dituen aukerak kontuan hartuta eta oso erromantikoa izan arren, partidu batzuen aurrean ikusten ditugun hainbat ordutako ilarek ez dute zentzurik”, azpimarratu du Tribakek. “Egungo sistemaren praktikotasun faltak eramaten gaitu batez ere aldaketak proposatzera”, adierazi du Tribakek arrazoi nagusi moduan, “baina komeni da gogoratzea eskaria sarrera kopurua baino handiagoa eta banaketa irizpide berezi batzuen arabera ematen den partidu hauetan susmoak areagotu egiten dira. Horregatik klubak ahalik eta gardenen izan behar du”.

Otsailaren 23an RealSocialismo!k Ernest Lluchen ospatu zuen ekitaldira bertaratu zen zale baten kexa aztertu ondoren eta Gasteizen jokatuko den partiduaren harira, RealSocialismo!k sarrera hauek banatzeko hainbat eta hainbat sistema daudela gogoratzen du. Tartean, izena ematen dutenen arteko zozketa garbia edo fideltasun puntuetan oinarritutako zozketaren bat.

Gainera, kontuan hartuta Mendizorrotzako partidurako 801 sarreren %25a soilik egongo dela zuzenean salgai astearte honetatik aurrera, RealSocialismo!k gomendagarria ikusten du argitzea alde batetik zein den banaketa horren irizpidea (%25, salmenta zuzena; %27, Realeko lagun taldeak eta Halcón Bidaiak; eta %21, “Realeko konpromisoak”), eta bestetik, zertan gauzatzen diren “klubaren konpromiso” horiek Anoetatik urrun jokatzen duen bakoitzean.

Deja tu comentario