RealSocialismo!k batzar orokorrean parte hartzeko deia zabaltzen du

RealSocialismo!ko presidentea, Oier Marigil, iazko batzar orokorrean.

RealSocialismo!ko presidentea, Oier Marigil, iazko batzar orokorrean.

Realeko zaleen eta akziodunen lantaldeak, RealSocialismo!, datorren asteazkeneko batzar orokorrean parte hartzeko deia zabaltzen die bai akziodunei, baita akziorik ez duten baina akzio batzuen ordezkapena lor dezaketen zaleei. “Egia da Reala, hein handi batean, kirol elkarte anonimo atomizatua dela teorian, baina akziodunoi estruktura hori praktikara eramatea falta zaigu”, azaldu du RealSocialismo!ko presidenteak, Oier Marigilek. Horretarako bi bide daudela gogoratu behar da: hilak 14ean arratsaldeko 19.00etan Donostiako Kursaalera bertaratzea ala akzioak beste norbaitengan uztea.

“Realaren ereduak alde positibo zein negatiboak ditu beste edozein ereduk bezala; baina gipuzkoar nortasun eta izaerarekin lotura izateaz aparte, puntu positibo nagusien artean Celtak egun bizi duen ezjakintasun egoera edo Valenciak izan dituen noraezak, orain dagoen egoerara iritsi arte, hainbat denboraldi non bukatu jakin gabe argi dagoenean estadioa, zaleak eta kokatuta dagoen hiria kontutan hartuta, hazkunde aukera asko dituela”, azaldu du Marigilek. Bere ustez, “honen aurrean Realaren ereduak dituen alde positiboak akziodunoi dagokigu aprobetxatzea. Horrela, aurreko batzar orokorretako batazbesteko %35eko parte hartzea goruntza eraman behar dugu“.

“Oso garrantzitsuak, garrantzitsuenak, iruditzen zaizkigu, noski, Realak 1-4-4-2koarekin ala 1-4-3-3koarekin jokatu behar duen edo nork ordezkatu beharko lukeen David Zurutuza moduko eztabaidak, baina hurrengo asteazkenean beste eztabaida batzuk ditugu. Duela ez hainbeste pairatzeko aukera izan genuen moduan, asteazkeneko kudeaketaren inguruko eztabadarik gabe, ordea, ez legoke ez joku sistemaren edo jokalarien inguruko eztabaidarik“, adierazi du Marigilek.

Horregatik, aurten RealSocialismo!ko zuzendaritza osatzen dute kideak prest agertu dira bertaratu ezin baina parte hartu nahi duten akziodunen akzioak jasotzeko. Horretarako, harremanak@realsocialismo.org helbidera lehen bait lehen idaztea gomendatzen dugu. Kasu honetan, ordezkariren baten eskuetan uzteak ez du esan nahi akziodun horrek haren iritziarekin bat egiten duenik, bozkaren zentzua markatuta utzi baitezake delegatu aurretik. Horregatik, RealSocialismo!ko zuzendaritzako kideak prest dira bertaratzerik ezin duten baina parte hartu nahi duten akziodunen akzioak ordezkatzeko, eurek nahi duten bozkak errespetatuz.

Urtero legez, aurten ere RealSocialismo!k batzar orokorrean mahai gainean egongo diren gaien inguruko lau afitxak prestatu ditu, hurrengo loturetan aurki daitezkeenak:

Realaren egoera ekonomikoa (PDF).
Anoeta Estadioaren egoera (PDF).
Bazkide eta bertaratze datuen analisia (PDF).
Telebista emanaldien eskubideak (PDF).

2013tik lanean
Lantaldeak bere ibilbidea informalki 2013aren amaiera aldera hasi zuen eta orain estatutuen helburuetan jaso dugun moduan, alor sozial, instituzional eta ekonomiko-finantzarioaren inguruko hausnarketa-espazioa izan nahi du ideia eta bidezko-adibideak gehituz, zeinak beste talde, kirol erakunde edo dena delako arloetatik etor daitezkeen; edozein akzioduni aurreikusten zaion kontrol eta ikuskatze lana modu antolatuan egin nahi du; eta Realeko zaletuen sare sendoago eta ikusgaiagoa sortzen lagundu nahi du. Azaro hasieran, lantaldeak aurrerapausua eman zuen ofizialki elkarte moduan eratuz behin estatutuak onartu ondoren.

Aktualizazioa
[2016-12-14] RealSocialismo!ko presidentea, Oier Marigil, Radio Marca Donostian.

[2016-12-14] RealSocialismo!ko presidentea, Oier Marigil, Onda Deportiva San Sebastiánen.

[2016-12-14] RealSocialismo!ko presidentea, Oier Marigil, SER Deportivos Gipuzkoan.

Deja tu comentario