Realsocialismo! plazaratu da urte eta erdiko lanaren ondoren

Realsocialismo! Realeko zale eta akziodunen lantaldea asteazken arratsaldean Donostian aurkeztu da “futbola den baina zelaiarekin harreman zuzena ez duten eta Real poliki-poliki hobetuko duen edozeren inguruan proposamenak eta hausnarketak lantzeko” helburuarekin. Anoetako Estadioan dagoen Ernest Lluch Kultur Etxean egindako ekitaldian, lantaldeak planteamendu honen adibide bezala Anoeta estadioa futbol zelai bihurtzeko proposamena aurkeztu du, pisten desagertze eta estalki berriaren instalazioarekin.

Ekitaldia Realsocialismo! denaren azalpen labur batekin hasi da. Partaideetako batek, Oier Marigilek, lantaldeak azken urte eta erdian jorratutako hiru ildoak azaldu ditu: “Lehenik, klubaren alderdi sozial, instituzional eta ekonomiko-finantzarioaren inguruko hausnarketa gune izan nahi dugu bestelako talde, kirol edo dena delako arlotako erakundetako ideia eta adibideak plazaratuz. Bigarrenik, lantaldea osatzen dugun akziodunok edozein akziodunei aurresuposatzen zaien kontrol eta bigilantzia lana modu antolatuan egin nahi dugu. Eta, azkenik, Realeko zaleen sare ikusgaiagoa eta sendoagoa osatzen laguntzea gustatuko litzaiguke”.

Lan hau 2013ko urte amaieran hasi zen, Realak Champions League-a jokatu zuenean. Lantaldeko partaide ugarik, aurretik ezagutzen zirenak, Lyon, Manchester edo Leverkusenera egindako bidaien bizipenak elkarbanatu zituzten. Marigilen hitzetan, “une batean gutako batek hitz egiten ari ginen adibideen berri Realeko bulegoetan ea izango zuten bota zuen. Logikoena baietz pentsatzea zen, baina badaezpada ere, denari forma ematea eta kontseiluari iritsaraztea erabaki genuen”. Hortik aurrera, lantaldeak kontaktua mantendu zuen azken akziodunen batzarra edo Anoetaren eraberritzea buruan izanda.

Realsocialismo!-k landutako azken dokumentua estadioaren etorkizunari buruzko dokumentua izan zen, zeinak 553 erantzun izan zituen eta eraikinaren eraberritzearen beharra argi utzi zuen, %91ak beharrezkotzat jo zuen lana. Horren ondoren eta Realak erreforma aurrera eramateko izandako oztopoak ikusita, arazo nagusia, harmailak berdegunera ahalik eta gehien gerturatzea, modu zentzudunean eta legezko oztoporik izan gabe konpontzeko modurik zegoen ala ez hausnartzen hasi zen lantaldea. Arkitektoa eta Realsocialismo!-ko kide den Jonathan Chancak ikertu zuen, eta poliki-poliki gaur proiektu oso bezala aurkeztu den irtenbidea topatu zuen (proiektuaren web orria, irudiak jaisteko).

Azaldu zuenez, “40.000 ikuslerentzat edukiera duen zelaia da, errugbi partidekin bateragarria, eta gaur egungo estrukturaren zati handia mantentzen duena. Kanpotik orain bezala mantenduko da eta barnean zelaiaren kota 2,5 metro hondoratuko da. Egungo pistak harmailarekin beteko direnez, estalki berria beharrezkoa da, eta, horretarako Madrileko La Peinetan edo Rio de Janeiroko Maracaná Berria egiterako orduan erabili den sistema berdina erabiliko genuke: estalki tenkatua. Trakziozko barne eraztun batean, egungo Anoetako boomerangak koroatuko dituen konpresiozko kanpo eraztun batean, eta aurreko biekin elkartzen diren altzairuzko kable tenkatuetan datza. Hauen artean azken itxiera emango liekeen mintz garden bat hedatuko litzateke”.

Chancak “proiektuaren helburua, bete egiten dena, aurrebaldintzei, hau da, harmailak gerturatzea eta estalkia luzatzea, erantzuna emateko bestelako soluzio teknikoak zeudela azalaraztea” dela adierazi du.

2013tik
Lantaldeak bere ibilbidea informalki 2013aren amaiera aldera hasi zuen eta alor sozial, instituzional eta ekonomiko-finantzarioaren inguruko hausnarketa-espazioa izan nahi du ideia eta bidezko-adibideak gehituz, zeinak beste talde, kirol erakunde edo dena delako arloetatik etor daitezkeen; edozein akzioduni aurreikusten zaion kontrol eta ikuskatze lana modu antolatuan egin nahi du; eta Realeko zaletuen sare sendoago eta ikusgaiagoa sortzen lagundu nahi du.

Azken hilabete hauetan La Real Sociedad hacia el nuevo Anoeta (2014ko maiatza), hainbat hausnarketa dituen txostena ezagutarazi dugu eta 553 erantzun izan zituen taldearen etorkizuneko zelaiari buruzko inkesta bultzatu genuen (Imaginando el nuevo campo, 2015eko ekaina). Horrekin batera, hainbat artikulu publikatu ditugu: zaleen inplikazioa klub baten gestioan, Qbaoren babesletza, Realeko tuiteroak munduak zehar banatuta hizkuntzaren arabera (euskara, ingelesa eta gaztelania), edota partiden ordutegiaren eragina. Azkenik, hainbat datu batu ditugu, esaterako azken bost denboraldietan Anoetako Ligako partidek izandako bertaratzea.

Etorkizuna
Etorkizunari begira, Oier Marigilek adierazi du lantaldea edozein proposamen jasotzera irekia dagoela eta urte bukaerari begira Realaren ingurukoak diren eta administrazio kontseiluarentzat edo kluba berarentzat interesgarriak izan daitezkeen ahalik eta ideia eta hausnarketa gehiago biltzeko nola antolatzen begiratzen ari direla.

– Aurkezpena. Bigarren zatia.
– Aurkezpena eta galdera txandaren hasiera. (Hirugarren zatia).
– Galderen txandaren jarraipena. (Laugarren zatia).
– Galderen txanda eta amaiera. (Bosgarren zatia).

Deja tu comentario