Realsocialismo!, akziodunen batzar orokorraren aurrean

Honatx gaurko bileran Realsocialismo!k plazaratutakoa:

Junta1Anoetaren erreformak berebiziko garrantzia du Realarentzat. Horregatik, eta dagoeneko Udalak martxan duen eta ongi bezain azkar konpontzea espero dugun prozesuari jarraiki, Realsocialismo!-k beste behin-behineko Anoetarik ezin dugula uste du eta guztion lana ahalik eta azpiegitura onena lortzera bideratua egon behar dela, hiriaren, lurraldearen eta, noski, Realaren ikuspuntutik. Ez dela posible azpiegitura horren ateak zabaldu eta kexak egotea lehen momentutik oraindik hor jarraitzen duten atletismo pistek eragin zuten bezala. Edo euria egiten duen bakoitzean, sarri samar gurean, milaka zale euritan blai bukatzea. Ez da posible.

Horrelako prozesu batek ahalik eta gardentasun mailarik altuena eskatzen du zalearekiko, erakundeekiko eta baita auzoko bizilagunekiko ere, errazagoa baita denok ulertzea ongi oinarritutako proiektu baten onurak. Beharrezkoa suertatzen da horretarako bideragarritasun eta inpaktu txostenak ezagutzea, bai Anoeta eraberritu batek lurraldean izango lukeen eragina baita Realak bere bazkide kopurua nola handitu nahi duen jakiteko. Guzti hau futbolzaleak ez diren edota realzaleak izanik Anoeta berriaren onurak argi ikusten ez dituztenek izan ditzaketen edozein zalantza izpi uxatzeko balio baitu.

Pentsa dezakegu nola haziarazi Irun eta Hondarribiako bazkide kopurua Tolosaldeak duen mailaraino. Eskualde hau ez da biztanle eta bazkide kopuruaren arteko erlazio onena duena, baina honen zenbakietan jarriko balira Bidasoaldeko hiriak, Realak 1.000 bazkide gehiago lituzke. Edo pentsa dezakegu fondoek duten okupazio mailan. Anoetako eraberritzea batik bat bi hondoak handituko ditu, gaur egun %99ko okupazioa dute leku hauek. Hots, 51 eserleku soilik daude libre, ditugun datuen arabera. Eserleku bakoitzaren errealitatea ezagutu eta plazaratu behar da: badago aulkitxoak aurrean dituelako zelaiaren zati bat ikusten ez duena, hondotan dagoelako zelaitik oso urrun dagoena edo euria egiten duenean busti egiten dena. Anoeta eraberritzearen aldeko arrazoiak eta datuak jasotzen dituen eta duela aste t’erdi aurkeztu genuen txostenean egin dugu lan hau. Gure web-orrian dago eskuragarri. Ziur gaude klubak askoz ere baliabide gehiago dituela eta egin dezakeen lana gaur udal taldeei helarazi diegun gurea baino sinesgarriagoa izan daitekeela.

Guzti honetaz haratago eta bukatzearren, Gardentasun Legeak behartuta ezagutu ditugun hainbat kudeaketa eta barne antolamenduko datuei jarraiki, aztertu beharko litzateke SADeko organigramarekin batera kontseilari bakoitzak duen ardura definitu eta argitaratzea, baita bere lanek eskatzen duten denbora okupazioa. Ideia hau kirol arloko eta kirol arlotik kanpoko kargu nagusiei aplika daiteke, azken hilabeteetan gertatu dena ikusita.

Hazteko aukera paregabe baten aurrean gaudela uste dugu, ziur gaude, Reala hazteko aukera galanta da eta, berarekin batera, baita Gipuzkoa ere. Zera da argi eduki behar duguna: buztinezko hankekin hazi nahi dugun ala ez. Hori dago jokoan.

Donostian, 2015eko abenduaren 9an.

Deja tu comentario