Reala, jalgi hadi mundura!

Non daude @RealSociedadEUSen jarraitzaileak? Zenbat dira? Nortzuk dira? Behin @RealSociedadEN kontuko jarraitzaileak aztertu ondoren, oraingoan @RealSociedadEUSekoetan erreparatuko dugu. Klubak 2011ko urrian hasi zuen Twitterreko ibilbidea. Kontu berriak ireki bitartean, @RealSociedadek uztartu zituen euskarazko eta gaztelaniazko txioak.

Iazko uztailetik aurrera, ordea, @RealSociedadEUS jarri zuen martxan Realak. Lehenengo hilabeteetan, klubaren bigarren kontua izan zen jarraitzaile kopuruari dagokionez, baina David Moyesen etorrerak beranduago irekitako @RealSociedadEN kontua sustatu eta euskarazkoaren gainetik jarri zuen. Egun, ingelesezko profilak 7.000 jarraitzaile inguru ditu eta euskarazkoak, 6.300. Biak ala biak, gaztelaniazkoak baino askoz gutxiago, honek 305.000 inguru ditu.

Euskarazko kontua aztertuta (bada paperak aldatu eta euskaraz txiokatzeko @Realsociedad soila galdegiten duenik, gaztelaniazko RealsociedadESen kaltetan), jarraitzaile gehienek euren burua Gipuzkoan kokatzen dutela nabarmentzen da. Are gehiago, jarraitzaileen gehiengoa Gipuzkoako bide eta eskualde nagusien inguruetan daudela ikusten dira.

Captura de pantalla de 2015-03-26 21:45:47

Eta beste euskal lurraldeetan, zer? Ez Gipuzkoan bezain beste, baina Realeko euskarazko Twitterreko kontuak jarraitzaile mordo bat du, batez ere hiriburuetan.

Euskal lurretatik haratago, Madril, Bartzelona eta Mexiko agertzen dira nabarmen grafikoan. Hauetako profil batzuk ikusita, lehen hausnarketa batean Gipuzkoan jaiotako jendea dela eta Vela efektua ondorioztatu dezakegu.

Twitterrek 2012ko udan plazaratu zuen euskarazko bertsioa. Hala ere, aztertutako @RealSociedadEUSen 6.164 jarraitzaileen artean, %70ak Twitter gazteleraz erabiltzen du, 4.000 pertsonatik gora. Apenas %13ak (831) du euskaraz konfiguratua eta %7ak (459), ingelesez.

@RealSociedadENeko jarraitzaileak aztertu genituen postean adierazi bezala, egin dugun geolokalizazioa automatikoa da. Googlen APIak profil batzukzuzen kokatzen ez zituenez, aldaketa txiki batzuk sartu behar izan ditugu. Adibidez, “Euskal Herri(x)a” edo “Nafarroa” lokalizazio orokorrak izen bereko plaza eta kaleetan kokatu zituen jarraitzaileak. Kasu batzuetan, beste herritako izen bereko hiribideetan jartzen zituen jarraitzaileak (bereziki, Arrasate eta Aizarnazabalen). Herririk ez zuten haien kasuetan, EAE eta Nafarroagatik aldatu dira lokalizazioak, kasuak kasu. Azkenik, Plaentxi, Getaia, Atxabalta, Lekitto eta antzeko deiturak ere zuzendu behar izan dira Soraluze, Getaria, Aretxabaleta eta Lekeitioren ordez.

Behin mapa sortutakoan, kasu arraro batzuk azaleratu dira. Zer gertatzen da Karibeko Antigua uharteetan? Bertan zeunden jarraitzaileengana joan eta… hara! Donostiako Antiguakoak ziren. Antzeko zerbait Okzitaniako Tolosan jartzen zituen Tolosaldeko jarraitzaileak edo EH erabilitakoak (Mendebaldeko Saharak erabilitako domeinua da). Horretaz gain, Hondarribi-Roma bezalako lokalizazio bikoitzak Googleren algoritmoak ez ditu beti zuzen maparatu.

 

@RealSociedadEUSen datuak (2015/03/12):
Jarraitzaileak: 6.164.
Euren geolokalizazioa adierazi duten jarraitzaileak: 2.569.
Baleko lokalizazioak: 2.426.

Datu teknikoak:

Datu jasotze data: 2015/03/12
Datuen jatorria: Twitter.
Datuak lortzeko erabilitako softwarea: Twitter Analytics.
Geokodifikazioa: Google.
Datuak lantzeko erabilitako softwarea: Open Refine.
Maparen irudikatzea: CartoDB.
Grafikoen irudikatzea: Infogr.am.

Deja tu comentario