Ostegunean, ekitaldia… eta pausu berri bat*

Kaixo!


Hurrengo urratsa emateko ordua da. 2013aren amaieran, kafez ondo hornitutako mahai baten bueltan, Leverkusen-en garraio publikoa nolatan izan zitekeen debaldekoa partida egunetan edo United-ek Old Trafford-en duen dendak nolatan zituen 40 kutxa izan genituen hizpide. Hausnarketa horiek txosten bihurtu genituen eta administrazio kontseiluari helarazi. Gero txosten gehiago etorri ziren. Tartean, zergatik eraberritu behar den Anoeta. Hainbat lan, ekitaldi eta solasaldi ostegun honetako hitzordua iritsi arte. Izan ere, ostegun honetan, iluntzeko 19.30ean Anoeta berriko erronkak. Arkitektura lanez haratago izeneko txostena aurkeztuko dugu Ernest Lluch Kultur Etxean. Bai, Anoeta Estadioko  7 eta 8 ateen artean.

Gure estadioa delako eta, obren ondoren, gure futbol zelaiaz gain, realzaleon etxea ere izatea nahi dugulako. Gaur egun baloiari ostikoak ematea debekatuta dagoen plaza bihurtu den Atotxa hartan galdu genuen etxea. 1993an gertatutakoa ez dadila errepikatu, eta 1994, 1995, 1996, 1997, 1998, 1999, 2000, 2001, 2002, 2003, 2004, 2005, 2006, 2007, 2008, 2009, 2010, 2011, 2012, 2013, 2014, 2015, 2016 eta, momentuz, 2017an atsekabetzen gaituena berriro gertatu ez dadin. Gaurtik aurrera eskatu eta lan egin dezagun Realarekin bat egiten duen Anoeta baten alde. Realarekin beteko den Anoeta horretan errazago izan dadin Anoeta beteko duen Reala lortzea.

Baina zer egin dezake RealSocialismo! bezalako talde batek eremu honetan? 2013tik modu informalean eta pasa den urteko azarotik elkarte moduan jada, txosten luzeak, post laburrak, iritzi artikuluak eta hainbat hausnarketa argitara eman ditugu Realeko zaletuei eta administrazio kontseiluari zuzenduak. Orain arte jaso dugun harrera ezin hobea izan da, batez kasu jakin batzuetan.

Hala ere, ez da nahikoa. Are gehiago futbolaren ingurua zaildu egin den honetan, hainbat tokitan egoera nabarmen okertu baita. Nahikoa da ikustea nola aldatzen diren gutxi batzuren esku dauden kluben jabegoak. Eguzkia nora, jabegoa hara. Ondo bidean, Europako txapeldun; okertzen bada… Reala klub atomizatua da. Erronka da funtzionamenduan ere hori aintzat hartzea. Akziodun bakoitzak pentsatzen duena kontuan hartuta, guk horretan lagundu nahi dugu. Bakoitzak nahi duena bozkatuz: batu, parte hartu, bozkatu.

Anoeta berriak dituen lau erronka nagusiei buruz hitz egiteko aukera izango dugu ostegunean. Bihartik aurrera gure webgunean eskuragarri izango duzu txostena. Munduan zehar antzeko arazoen aurrean aurkitutako konponbideak izango ditugu aipagai. Reala ez dugulako ulertzen bakoitzak jakin eta eman dezakeena eman gabe. Hurrengo hilabeteetan beste hizkuntza batzuetako hiztunak, marketing aditu zein arituak, informatikariak, historia, literatura eta finantza zaleak beharko baititugu. Baita Realaz dakitenak ere, noskI: aste honetan, bazkide kanpaina irekiko dugu.

Bidea ez da laburra, baina hats luzekoak gara gu.

Eskerrik asko zeu ere RealSocialismo! izateagatik.


*RealSocialismo!n interesatuak dauden 283 pertsonei
bidalitako gutuna. Jaso ez baduzu eta gugan interesik baduzu, idatzi
harremanak@realsocialismo.org helbidera eta konponduko dugu.

1Pingbacks & Trackbacks on Ostegunean, ekitaldia… eta pausu berri bat*

  1. […] Anoeta Estadioan dagoen Ernest Lluch K.E.an izango da 19.30tatik aurrera. Pausu berri honen parte izan eta bertaratu nahi al […]

Deja tu comentario