Norbanako bazkideen kopuru baxuena igoeratik

© Realsociedad.com

© Realsociedad.com

Martxoak ez du engainatzen. 25.469, 25.238, 24.716, 26.270, 25.019 eta 23.213. Realak norbanako bazkideen kopuru okerrena aurkeztu berri du igo zenetik. Hain zuzen, 1.503 bazkide gutxiago orain arte bazkide gutxien izan dituen denboralditik (2012-2013a) eta 3.057 bazkide gutxiago momentu onenetik, urte bete beranduago.

Azken martxoetako datu hauek erakusten dutenez, Anoetan solairuarteak egin zirenetik Lehen Mailan eman diren 15 denboraldien artean hirugarren datu txarrena duguaurtengoa. Aurreko biak, Bigarren Mailara jaitsi aurreko bi urtekoak dira, hain justu. Bazkide korporatiboak kalkulatzeko irizpide aldaketa salbu, Reala 25.000 eta 26.500 bazkideren artean ibili da. Honenbestez, 23.213 bazkide edukitzeak kezkatzeko arrazoi asko eman beharko lituzke.

Adinari erreparatuz gero, 0 eta 14 urte, eta 15-21 urte bitartean dago atzera pauso erlatibo garrantzitsuena, normalean fondoetan esertzeko joera dutenen artean. Realak Infantiletan 362 bazkide galdu ditu (%13a), eta Gazte kategorian, beste hainbeste, 2.607tik 2.232ra eroriz. Guztira, 737 bazkide gutxiago bien artean.

Datu hau fondoetako zenbakiekin gurutzatzen badugu, nahiz eta kontuan hartu behar den 0 eta 21 urte arteko bazkide guztiak ez daudela Estadioko leku hauetan, fondoetan 589 bazkide gutxiago daudela aurkitzen dugu. Hauetako %72a beheko eraztunean, futbola okerren ikusten den lekuan.

Bestalde, Donostia da jaitsieraren erantzule nagusia: urte betean, 13.909 bazkidetik 13.129ra doa (780 gutxiago). Zentzu erlatiboan, Oarsoaldea eta Urola Kosta dira, Donostiatik hurbilen dauden bi eskualde, bazkide gehien galtzen dituztenak. %14,8 eta %12,7a, hurrenez hurren. Debagoienak ere %12,7a utzi du bidean azken urtean.

Gutxiago galtzen dutenen artean, Bidasoa (%3,5), Debabarrena (3,9%) eta Goierri (5,38%) daude. Are gehiago, eskualde bakar batek iaz baina bazkide gehiago lortu ditu: hiribururik gabeko Donostialdea da, 2.695 izatetik 2.758 izatera pasa baitira Hernani, Lasarte-Oria eta Andoainen. Hazkundea lortzeko gune argia den Iparralden, duela sei urte baina bazkide bat gehiago du Realak: 164tik 165ra pasa da.

Bazkide korporatiboak eta beste konpromezuak ez ditugu aztertu, emandako informazioa ez baita nahikoa, baina ongi legoke jakitea horietako zenbat aulki betetzen diren partidu bakoitzeko eta, momentua iritsita, ondoriozta daitekeen bertaratze datu kaxkarrak ez ote diren eserleku hauetan ematen.

Datu hauek oso kezkagarriak dira, are gehiago kontuan hartzen badugu partida egunetan zelaira bertaratzearen jaitsiera LFPko zelaietara jende gehiago doanean (ñabardurak ñabardura, ez baita berdina Bigarren Mailan Real Oviedo bezalako talde bat edukitzea ala hain errotuta ez dagoen beste klub bat). Oinarri soziala eta bertaratzea gehiago landu behar diren faktoreak dira, eragin baxuko neurri puntualetaz gain, partidu bakoitzeko abonu bat oparitzearena, adibidez.

Horrela, ez gaude ados zuzendaritzak bazkide ohi berriei helarazitako mezuan erakutsitako ustearekin: “Ziur gaude taldeak arrazoiak emango dizkietela Anoetara itzultzeko”. Planteamendu horri jarraiki, txapelketak irabazten dituzten taldeek beharko lukete beti bazkide eta bertaratze datu hoberenak izan, eta maila ez galtzeko borrokan daudenak, aldiz, okerrenak. Kirol arloaz aparte bada beste bat, zale kulturarena, giroarena eta estadioan bizi den esperientziarena (telebistak emango ez duena) hobetzeko bide luzea duena. Hasiera datarik ez duen remodelazio lanei itxaron gabe, orain bertan has daitekeen eremua da.

Zenbaki oso negatibo hauekin, espero dugu Realak etorkizunean bazkide ohi bakoitzaren bila itzultzeko helbide elektronikoak gordeko zituela, eta abonua uzteko eman dituzten arrazoiak jasotzen dituen datu base sendoa lortuko zuela. Berriz ere hazkunde bidean jartzeko lehen pausua izango baita.

Deja tu comentario