[Gutuna] RealSocialismo! elkarte bilakatu da

alta-def-euMomentua iritsi da. Futboleko ekonomiaz, klub eta zalegoaren arteko erlazioaz, erakunde kudeaketaz eta abarretaz 2013ko amaieran hitz egiten hasi ginen Realeko akziodun eta zale taldea elkarte bilakatu gara Eusko Jaurlaritzaren aurrean. Ia hiru urte pasa dira orduz geroztik, pasioz betetako lan informala aurrera eramanez hainbat eta hainbat pertsonak emandako jarraikako edo momentu zehatz bateko laguntzarekin. Hori guztia da honaino ekarri gaituena eta aurrera jarraitzeko bultzatzen gaituena, zeregina baitago.

Anoeta Berria ate joka, kluba gero eta aurrekontu altuagoekin eta telebista emanaldiek futbolari irekitzen dizkioten erronkekin, horrelako gaietan pentsatzeko, laguntzeko eta hazteko kuriositatea areagotu egiten da. Are gehiago beste klubetan zer egiten ari diren begiratzen badugu. Baita beste kiroletan eta beste herrialdeetan ere. Segur aski ezagunak dituzun erronkak dira.

Aldaketarik gabe, orain arte jorratu ditugun hiru esparruetako lan-bideetatik jarraituko dugu, baina egitura berri honekin lan hori hobeto egin nahi dugu. Lehenik eta behin, zure parte hartzearekin kontatu nahi dugulako behin etxea hobeto antolatu dugunean. Bigarrenik, gestio logistikoak asko erraztuko zaizkigulako, ekitaldi baterako areto publiko baten alokairua eskatzetik Realsocialismo!k dituen gastu gutxi horiei aurre egitera arte. Eta argitze aldera: irabazi asmorik gabeko taldea izaten jarraituko dugu. Lortzen den mozkin zentimo bakoitza “elkartearen helburuei esklusiboki bideratuko dira”.

Legalki azken tramitea bukatu orduko web orrian argitaratuko ditugun estatuetan horrela jaso dugu. Bertan, apolitiko eta, barne antolakuntzari dagokionez, “aniztasuna guztiz errespetatzen duen” elkartea garela berresten dugu. Bozka beste kide bati ematea onartzen duen batzar orokorra izango da organo gorena. Aurrekontuak onartu eta zuzendaritza batzordea hautatzea bezalako zereginetaz aparte, batzar orokorrak “elkartearen plangintza orokorra” onartu beharko du.

Zuzendaritza batzordeak elkarteko egunerokoaren ardura izango du. Parte hartzea sustatu eta hainbat arlo zehatzetan batzordetik edo elkartetik at dauden pertsonak “arduradun” izendatzeko aukera izateaz aparte, berezitasun bat du. Esparruak bereizteko asmoz, Real Sociedad de Fútbol, SADeko organigrama ofizialean dagoen edonor ezin izango da Realsocialismo!ko zuzendaritza batzordean egon. Lehen zuzendaritza batzordea zortzi pertsonaz osatua dago: Jon Tribak presidenteorde-bozeramale moduan; Joakin de Goiburu, idazkari-diruzain; Jurdan Arretxe, Felix Arrieta, David González, Mikel Iturria eta Eduardo Malagon dira bost batzordekideak; eta ni neu, Oier Marigil, presidente.

Zuzendaritza osatzeko orduan egin bezala, euren esparru profesional eta pertsonaletik, kudeaketan bikain eta zalearengandik hurbil dagoen Realaren bilakaera hobeago batean interesa duten ekarpenak bildu nahi ditugu. Klub gardenago, irekiago eta partehartzaileago baten bidean, oinarrizkotzat jotzen dugu gero eta pertsona gehiago gehitzea, akziodun, bazkide edo zale izan. Interesik baduzu, jar zaitez gurekin kontaktuan. Denok dugu zer egin lanerako taldea izaten jarraituko dugulako. Elkarte moduan eratutakoa, baina zu barnean nahi zaitugun lanerako taldea.

Oier Marigil,
RealSocialismo!ko presidentea.

Deja tu comentario